XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jasotako guztia usaintzen zuten beren onespena eman aurretik.

Horrela kristalezko kuentaz eta kaskabiloz aberats bihurtu ziren.

Jarraian, haietariko bakoitzak gezi bana eskaini zidan adiskidetasunezko frogatzat.

Suaren inguruan geure konpaiñian eserita, arrainki eta urpetik eskuratu ohi zituzten intxaur moduko sustraiak jateko oferandatu zizkiguten.

Indiar haiek pairaturiko zorigaitzaz jabetzerakoan eta aurkitzen ginen miseria gorria ikusirik, dolore eta pena haundiz, ozenki negarrez hasi ziren, beren lantuak urrundik aditzeko moduan.

Halaxe ordu erdi bat baiño gehiago eman zuten eta hunkigarria zen, benetan, gizon zakar eta arrazoi gabeko haiek guregatik isuritako malkoak hain egiazkoak zirela egiaztatzea.

Azkenik negarra sosegatutakoan, beste kristauei indiar haiekin joateko proposatu nien; baiña Espaiñia Berrian egondako Lope de Valdiviesok horrelakorik ez aipatzeko ere gomendatu zuen, beraien etxeetara eramatekotan idoloen omenez sakrifikatuko gintuztelako aitzakiaz.

Alabaiña, irtenbiderik ez, eta beste edozein bidetik, ostera, heriotza seguruago eta gertuago genuenez, lagunaren gomendioa ez nuen haintzakotzat hartu eta indiar haiei beren etxeetara faborez eramateko erregutu nien.

Haiek neure eskaria kontent eta pozik onartu zuten eta batzu, egurketa eginik, nahiko urruti zeuden etxeetara abiatzen ziren bitartean, geu gaiñontzekoekin sutondoan geratu ginen eguna argitu arte.

Egunsentiarekin batera, besotan harturik, korrika eta presaka lurra zapaltzeko kasik aukerarik eman gabe eraman gintuzten.